TESTU LABURRAK

Auto izoztuak (Berria, 2016)

Eta horren ostean, horren guztiaren ostean izan zen, nahiz eta sinesten zaila den, batez ere gazteentzat, ni baino gazteagoentzat, ni ez bainaiz zaharra, ezta hurrik eman ere, zaila da sinesten. Esango nuke batzuek ez dutela funtzionamendua ondo ezagutzen, lehengo funtzionamendua, horregatik egiten zaie arraro. Baina harrezkero nago errepidean, herriko lau kale printzipaletatik irteten ez nintzena, autobideak orain, bigarren mailako errepideak, kaminoak, noranzko bakarrekoak, ordaintzekoak, bazterrekoak. Eta ez nuen hori nahi. Imajinatu ere ez nuen egiten.

 

Xabierren arreba, esan zidan, Xabierren arreba?, galdetu nion, sekula ez dut oihu egiten, orduan ere ez nuen egin, Xabierrena, esan zuen berriro, bakarra, arreba bakarra. Xabierrekin zegoen, esan zidan gero, Xabierrekin? Momentu horretan?, galdetu nion berriro, alferrik, Xabierrekin, erantzun zidan, Bilboko etxean, arrebarenean, Bilbon, esan zuen, alferrik. Eta Xabier?, galdetu nion, alferrik berriro ere, Pentsa, esan zidan. Ez nuen ezertan pentsatu, iruditu zitzaidan ez zela pentsatu behar, badaezpada ere, zoruko harlauzei begiratu nien, arrebaren etxeko harlauzei, urdinxkak, lauso moduko bat daukatenak ertzetan.

Indabak?, eskaini zizkidan arrebak, esan nahi zuen nahi ote nituen bigarrenez jan, ezetz esan nion, izeko Resu aspaldi bisitatu zuen galdetu nion, ezetz berak, soldata izoztuko ote zieten, hori ere esan zidan, susmoa zegoela.

 

Familian ez genuen autorik izan, aitak ez zuen gidatzen, amak beldur zien, niri sekula ez zaizkit gustatu, umetan apur bat beharbada, gero ezer ere ez. Bilduma ere egin nuen orduan, autoen argazkiena, Opel, Volkswagen, Mercedes, Ford, baina ez ninduen markatu, ez gehiegi, Opelak gustatzen zitzaizkidan gehien, gero ez diet arreta jarri autoei, gidabaimena ere erdi behartuta atera nuen, berdin zidan, berdin dit, Ze auto da hori? Ze modelo? Ez dakit, berdin dit, gorria, zuria, zikina.

Nork esango zidan, ibili behar hau orain, errepideak, kaminoak, autobideak, aurreratu ere egiten ditut auto batzuk, urrunetik dakit zein den Mercedes markakoa, Audiak, A3ak, A4ak, Alfa Romeoak, 147. Zer da hau? Zertarako behar dut burmuin hau? Zergatik gogoratzen ditut markak, modeloak? Zer da hau?

Errepidean zorakeriak egiten ditut, nik bezalako batek egin ditzakeen zorakeriak. Esate baterako, mendi batean jarri duten kartel bati begira geratzen naiz, errepideak zer dakarren erreparatu  barik, 130 km orduko. 3 segundo egiten ditut ezkerrera begira, 4 segundo batzuetan. Segundo asko dira 130 km orduko, autoak ez dio bihurguneari jarraitzen eta marra zuritik kanpora egiten du. 5 segundo egin nituen behin. Zubi altuetan egitea gustatzen zait, Bergarara joateko bidegurutzean daudenetan, esate baterako.

 

Andre hura hurbildu zen lehenago, atezaina gero, bota egin ninduten. Gaur egun ez zen gertatuko, liburutegi batean, pentsa, liburutegi publiko batean. Ez nintzen hango langile, baina han egiten nuen lan, handik ateratzen nuen bizimodua, informazioa, dokumentuak, datuak. Etxetik bidaltzen nituen dokumentuak gero, baina liburutegi hura barik ezin nuen lanik egin, bizimodua atera, eta bota egin ninduten. Egunero joaten nintzen, zapatuetan ere bai. Horregatik da sinesten zaila, liburutegi publiko batetik botatzea, nori egiten nion kalte, gaur ez zuten egingo, horregatik bilatu behar izan nuen beste lan hau, errepideko hau.

 

Esan zidan Xabier arrebarekin zegoela, hizketan, normal, eztabaida apur bat beharbada, baina normala betiere, ez zuela aurreikusi, arrebaren begi-zuloak beharbada, baina orain pentsatzen du hori Xabierrek, orain, orduan normala zen dena, arrebaren Bilboko etxean, goiko auzoetakoan. Ez zitzaion auzoa gehiegi ere gustatzen Xabierri, hala esaten zion arrebari, auzoa, giroa, ume txikientzat batez ere. Esan zuen Xabierrek ez zutela han bazkaldu, gutxitan bazkaldu zuela etxe hartan, bazkalostean joan zela, seme txikiena lo eta alaba gelan.

 

Zorakeria hori eskaintzen diot neure buruari orain, 3 segundo, 4, 5, hortik gora ez dut egundo egin. Kartelei begiratzen diet, mendiei, zuhaitz jakin bati, pintadak, zubiak. Etxeak ere asko estimatzen ditut, begiratzeko, errepidetik begiratzeko. Zornotzatik pasatzen naizenean adibidez, edo Eibarretik, Zaldibarren ere ikusten direla iruditzen zait. Leiho jakin bat aukeratzen dut, zelan pentsatuko du leiho barrukoak, sukaldean frijitzen dagoenak, auto bateko gidari bat daukala begira… Hor ere 3 segundo, aurrera begiratu barik, 4 segundo, 5, errezelak, kristalak garbitzen ari dena, batzuetan marra zuritik metro batera aurkitzen dut neure burua. Ez beti.

 

Liburutegiko andrea hurbildu zitzaidan, hori baino askozaz lehenago, Zertan ari zara?, bota zidan, Zertan ari zara zu?, esan nion nik, Hemengoa naiz, esan zidan, Hemengoagoa naiz ni, erantzun nion. Enbarazu egiten ari zara, berak, Nori?, nik, Erabiltzaileei, andreak. Ez dute liburutegia erabiltzen, berriro nik, ikastera etortzen dira; neuk erabiltzen dut liburutegia, neu naiz erabiltzaile bakarra, ezin diot inori enbarazu egin. Baina zertan ari zara?, atzera berak, aurpegi ona ez, Eta zu? Zertan ari zara zu?, nik.

 

Tunela pasatu, Malmasinekoa, eta etxeak hasten dira errepide ondoan, Bilbokoak, Bilbo dela uste dut, goiko auzoak. Leiho bat aukeratu nuen, ekainaren 5ean, lainotua, giro hotza, 3 segundo, inor ez leihoan, ohikoena da, gutxitan jendea leihoetan. Beste leiho bat aukeratu nuen, beste bat, beste bat, inor ez… Azkenean bai, ez zen zehazki leiho bat, balkoi bat, gizonezko bat, sorbalda atearen kontra, emakumezko bat barandatik hurbilago, 3 segundo haiei begira, aurrera begiratu nuen berriro, apur bat desbideratuta neukan autoa. Ostera begiratzea erabaki nuen, balkoi berera, askotan egiten dut, emakumeak hanka bat barandaren gainean orain, mugimendu sendo bat sorbaldekin, aurreko autoak frenatu egin zuen, galgari eragin nion, aurrera begira. Berriro begiratu nion balkoiari, ezin izan nion 3 segundoz eutsi, gizona bakarrik orain, eskuak barandan, behera begira, Xabierren arreba?, galdetu nion arrebari, Xabierren arreba, erantzun zidan, alferrik, zazpigarren solairua, Bilboko goiko auzoetan, Zer esan dio medikuak izeko Resuri? Noiz arte soldatak izoztuta?