Metalaren erabilerak

 

Euliak metalezkoak dira. Esan nahi dut lehengo egunean euli bat sartu zela gure etxera eta metalezkoa zela.

 

Jo zuen euliak leiho baten kontra. Horixe da eulien afiziorik maitatuenetakoa. Jo zuen, ba, euliak leihoaren kontra eta klink egin zuen; ez zuen tok edo puk egin, ez. Klink egin zuen euliak argi eta garbi. Esan nahi dut metalak kristal baten kontra jotzen duenean egiten duen soinua entzun zela euliak leihoaren kontra jo zuenean.

 

Aukera bi daude beraz: a) euli guztiak metalezkoak izatea; b) euli batzuk metalezkoak izatea eta beste batzuk naturalak izatea. Bigarren aukera horren alde egingo nuke nik. Izan ere, ikusi ditut nik leiho baten kontra jo eta klink egin beharrean tok egiten duten euliak. Horrek esan nahi du euli batzuk euli klasikoak direla.

 

Kontuak horrela ikertzen hasi nintzen nondik zetozen metalezko euli horiek. Ze funtzio zeukaten metalezko euli horiek. Ez nuen lan handirik egin behar izan. Gobernuak fabrikatzen ditu metalezko euliak. Are gehiago esan nezake: gobernuek fabrikatzen dituzte metalezko euliak, gobernu guztiek.

 

Kontua da udan euli asko dagoela gure inguruan. Milaka euli kontatzeko aukera egoten da udan. Baina neguan modu barregarrian jaisten da eulien kopurua. Udan 1.387.234.292.345 euli badaude, neguan laurdena ere ez da geratzen bizirik. Horregatik sortzen ditu gobernuak euliak neguan.

 

Baten batek esango du eskerrak eman behar dizkiogula gobernuari, neguan ere euliei begira egoteko aukera ematen digulako. Zer izango litzateke idazle bat, esate baterako, eulirik gabe. Baina gobernuaren asmoa ez da hori. Gobernuaren asmoa da gure lo-orduak galaraztea. Izan ere, soinu gogorragoa daukate metalezko euliek euli klasikoek baino. Kontua da, psikologoen arabera, lo gutxi egiten duen jendeak beldur handiagoa diola hegazkinean hegan egiteari.