Van' Hoffen ilea
1
Lulabi
Trenak titere usaina zeukan.
—Mesedez, Lertonera noa ni. Zein da nire trena? —galdetu zuen andre laranja batek.
—Heliportu batera joan beharko duzu zuk —erantzun zion treneko nagusiak.
—Zergatik?
—Ez dagoelako trenik. Lertonera esan nahi dut. Ez dago estaziorik. Lertonen.
—Nola dakizu?
—Intuizioz —esan zion treneko nagusiak.
—Eta autobusez joan ahal naiz?
—Autobusez bai. Autobus bat erosten baduzu.
Astunak ziren Matiasen maletak, eta eskumako eskuan zeraman maleta bat eta ezkerrekoan bestea eta txizalarria izterren artean. Zeharka zihoan Matias treneko korridoretik, eskumako maleta aurrean eta ezkerrekoa atzean, korridorea estua baitzen, eta bere izterrak lodiak, eta maletak ere bai, bereziki eskumakoa, ordenagailua eta grabadora zituelako bertan, eta horregatik tratatzen zuen kariño handiagoz eskumako maleta. Ordenagailua arropaz bilduta zeraman, jertse batean bilduta eta bufanda batean bilduta, eta galtzontzilo pare guztiak jarri zituen botoien gainean, kotoizko galtzontziloak, botoiak babesteko eta ordenagailuari kariñoa emateko.